2014(e)ko urriaren 20(a), astelehena

OKABEKO HARRESPILAK





Hitz bakarra deskribatzeko: txundigarria.

Hitz bakarra eta zirrara andana. 


Umeekin naiz bakarrik bisitatzekoa, baina bai, umeekin ERE bisitatzekoa, baita txikienekin ERE. Gure kasuan 8 hilabete eta 5 urte ETA ERDI (biziki inportantea "erdi" hori). 8 hilabetekoak bereziki preziatu du Irati inguruetako harrien zaporea; kontzentrazio aurpegia ikusirik, etxekoek ez bezalako zaporea dutela esango nuke. 5 urtekoak aldiz, askatasuna dastatu du, naturan aske sentitzearen gozamena; irrikan segitu du harrespiletara daraman bidea, karta eskuan eta zakua bizkarrean, “nik begiratuko dut bidea” esanez guraso traketsak lagundu nahian. Autoz egindako bide luzeak merezi izan du.

Luze bai. Ahurtitik abiaturik Iratirako norabidean. “Noiz iritsiko gara?” “asko falta da?” eta zenbait etsipen negarren ondoren, Iratira iritsi gara. Iratiko txaletetara daraman bidea ezkerretara utzi (bigarren saiakeran behintzat), beste bat eskuinean, eta maldan gora jarraitu autoz, zirrarak tripan (baita beldurren bat ere), bidea bukatu arte. Hortik aurrera geratzen diren minutuak (45 inguru) oinez eginen ditugu. Txikiak ez du askoz gehiago egingo “aupi” esan aurretik. “Ez naiz txikia ama!”. Barkatu, “ertainak”. Baina lehenik merienda, nola ez!

Bokata jan dugu ahoarekin eta inguruneak begiekin, eta bitartean mendiak gure estresak jan ditu. Hau bai, meditazioa!


Oinez egiteko bidea aski zuzena da; baso bat igaro, eta gero beste bat... eta iritsi gara, eta ulertu dugu. Arbasoek leku hori zergatik hautatu zuten ulertu dugu. Hegalak banitu behintzat… baina ez ditugu behar, hegan ari gara jada.

“Beitu! Harrespila!” Mmmm, edo agian ez? “Han, horixe bai, horrek harrespila izan behar du!” A, ez! “Ama, beitu, honek betaurreko bat dirudi”… Hara, harrespila! Betaurrekoen borobilak! Topatu ditugu azkenean; eta bat ikusiz gero, etengabe agertzen doaz besteak.

Bidean aurrera goazen heinean, ordura arte bide erdian lasai zen artalde erraldoi bat desagertuz doa, milaka urteko monumentuak zapaltzen dituztela jakingo ez balute bezala.

Ez zaigu asko falta Okabeko gailurrera iristeko, baina hodei zuri-zuri bat lasterka hurbiltzen zaigula sumatu dugu. Haizeak dakarkigu eta benetan handia da; dena jaten du bere bidean. Bakarrik naizenean ez dut arriskurik hartzeko ohiturarik, behar beharrezkoa ez bada behintzat, baina umeekin are gutxiago! Lainoak harrapatzen bagaitu ez dugu basora doan bidea topatu ahal izango. Beraz, itzultzea erabaki dugu, berriro etorriko ginela zin egin ondoren.


Han utzi ditugu arbasoak, lainoen babesean. Aske izan gara berriro, une batez izan bada ere, eta oroitu gara.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina